Peruko kosta: desertua, oasia, fauna ta paradisua

Mendiz mendi eta goi lautadetan zehar ibili ostean Andeak hegoaldetik iparralderuntz gurutzatuz, gure mendiko zapatilei atsedentxo bat eman eta kostaldea ezagutzeko unea iritsi zen. Cuzco-tik irten eta gaueko autobus batean hala-nola lo egin ostean, begiak ireki eta ordurarte ikusitakoarekin zerikusirik ez zuen paisai bat agertu zen gure aurrean. Ez genekien nolakoa izango zen Peruko kostaldea, baina ez genuen inondik inora pentsatzen halakoa izango zenik. Ez zelaiak, ez palmerak, ez basoak, ez ezer. Desertu lehor eta amaigabe bat genuen gure muturren aurrean.

Hego amerikako hego muturretik, Antartikako inguru hotz haietatik ur korronte hotz bat iparralderuntza abiatzen da kontinentearen mendebaldeko kostaldeari itsatsita. Humbolt izeneko itsas korronte honek hondartza guztietan bainua soilik ausartentzat mugatzeaz gain kostaldeko klima guztia baldintzatzen du. Arrazoi zehatzak gure ezagutzetatik haratago daude, baina ondorioa gure mutur aurrean dago, klima lehor-lehorra.

 

Huacachina

DSCF5387

Lehortasun honen erdian, oinak kixkaltzen zizkigun hondarrean ibiltzen, urruneko espejismo baten antzera Huacachina agertu zen. Oasi txiki honek atseden pixkat eman zigun paisai idorrean aurrera egiteko.

DSCF5394

 

Paracas eta ballesta irlak

Kilometro batzuk aurrerago, iparraderako norantza hartuta, Paracas kostaldeko herrixka lasaiera iritsi ginen.

DSCF5551

Arrantzale portu atsegina izateaz gain, Paracas-eko natur parkea du alboan eta inguruaren lehortasunak erakargarritasunik ez duela dirudien arren bote-prontoan, lekua ikaragarri ederra da.

DSCF5587

Marte planeta, saharar desertua eta kostalde basatiaren nahaste bat den natur parke honetan bizikletaz bueltaxka bat emateko aukera izan genuen.

DSCF5478

Eta txundituta utzi gintuen bertan topatu genituen txori klase eta kopuru handiak.

DSCF5432

Garai batean guanoa (txori ximaurra litzateke) ateratzen zuten Ballesta irletara egin genuen itsas untzi irteeran pinguinoak, itsas lehoiak, pelikanoak, kormoraiak eta beste txori mordoa ikusi genituen kamikaze moduan itsasora sartzen euren arrain goxoak jateko .

DSCF5663

DSCF5571

 

Lima

Kostaldeari jarraituz errepidearen bazterrean geroz eta etxe gehiago pilatzen joan ziren eta konturatu ginenerako oihan baten erdian ginen, baina ez palmera eta platanoz betea, espaloi, denda eta hamaika autoz betetako hiri oihan baten erdian baizik.

DSCF5869

Espainiarrak lurralde hauetara iritsi zirenean Cuzco zen hiriburua, baina espainiarrek portu hiri bat behar zuten euren boterea zabaltzeko `madre patria`-rekin lotura apurtu gabe. Rimac errekaren inguruan ezarri zuten euren hiriburu berria, eta egun hartatik ia 500 urtetara egungo Lima erraldoi eta zaratatxua bisitatu dezakegu. Egia esanda, nahiz eta txoko eta eraikin politak dituen, ez zitzaigun asko gustatu, zarata gehiegi, handiegia, jendez beteegia, gehiegi, dena gehiegi. Hori bai, jatetxe goxoak eta museo interesgarriak topatu genituen behintzat.

DSCF5739

 

Trujillo eta Huanchaco

Limako kaosetik 10 ordu ingurura Trujillo herrira iritsi ginen.

DSCF6017

Perun dauden hamaika hiri kolonialetako bat den arren, hiriko eraikin nagusietako kolore biziek paseotxo bat emateko leku ederra bihurtzen dute.

DSCF6022

Kilometro gutxira Chan chan hiriaren aztarna arkeologikoak topa daitezke. Gaur egun ia guztiz suntsituta dagoen hiri hau, Colon amerikara iritsi aurretik munduan zegoen adobezko hiri haundiena zen. Garai oparo haietatik gutxi geratzen bada ere, berreriakitako zati txikiarekin eta imaginazio pixkatekin zibilizazio horren haunditasuna nolakoa zen irudikatu ahal izan genuen.

DSCF6057

Handik pausu batzuetara Huanchaco kostako herri turistikoa dago. Surflarientzako txoko eder honetan surf oholak ehundaka urtetatik hona erabili diren totorazko ontziekin nahaste dira itsasoan.

DSCF6098

 

Punta sal, Zorritos eta Mancora

Peruko iparraldean dauden herritxo hauek bai bertako eta kanpokoen helburu turistikoa izan ohi dira. Tenporada turistikotik kanpo gindoazenez, mota honetako inguruak izaten duten gainbehera giroa nabaritu genuen, baina baita normalean topatu ohi ez den giro patsadatsua. Ez genuen gauza askorik egin, uraren tenperatura goxoagoa zuten hondantza hauetan bainatu, koko ura edan, eguzkia hartu eta patsadaz egon.

DSCF6178Punta Sal-eko hondartzako ‘primera lineako’ hostal bakartiko terrazan Aitzi ta Enekoko

DSCF6186Zorritos-eko hondartza

Bisitatu genuen azken herriak, Mancorak, Peruko surf olatu onenetakoa omen du eta Eneko irrikaz zegon bere trebetasunak eta batez ere trebetasun faltak ohol baten gainean jartzeko, baina bertan egon ginen egunetan itsasoak pistina huts baten tankera gehiago zuen, surflarien gustoko leku bat baino. Beraz,hemen ere, bainu batzuk hartu ta hostaleko terrazan deskantsatzera.

DSCF6204

Hegoaldetik iparraldera Peruko kostaldeak eskeintzen duen paisai eta inguru desberdinak ezagutu ostean, Ecuador-etik soilik ordu erdira ginen. Peru atzean utzi eta kontinenteko beste herrialde bat ezagutzeko prest eta irrikaz ginen. Bidai batean baina, gauzak ez dira beti nahi bezala izaten, eta Ecuadorrera iristeko soilik 30 minututako autobus bidai bat izan behar zuena, 42 ordu luzeko autobus bidai batean bihurtu zen… Gora beherarik gabeko bidaia, gatzik gabeko porrusalda bat da, eta oraingoan pixkat gatzatua atera zitzaigun..

 

2 thoughts on “Peruko kosta: desertua, oasia, fauna ta paradisua

Utzi iruzkina